XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez ginen berriz ere aferaz mintzatu. Aurreko egunetan bezala afaldu genuen eta, aurreko egunetan bezala, kartetan egin ere afalondoan.

Ohatzera joateko tenorea ailegatu zelarik ere, gaia atera gabe egon nintzen, irakurtzen nuelakoa eginez, Garaziren begiek irrikitan zegoela adierazten bazidaten ere.

Halako batean, hark, gehiagorik ezin jasan eta bota zidan ahapetik:

- Zergatik gezurra amari?

- Ez dakit.

Eta egia zen. Ez nekien zergatik, ez bainaiz normalean aita-amekin gezurretan ibiltzen. Ni neu ere harriturik nengoen eta pixka bat damuturik ere bai.

Luze joan zitzaidan argia itzali eta Mikeltxo lo sumatu arte.

Orduan ere kanpoan, tak-tak-tak-tak, aitaren ordenadorea baizik aditzen ez zela frogatu nuen, deus egin baino lehen.

Gero, ohe ondoko mahai txikiaren gaineko argia piztu eta jaiki nintzen.

- Nora zoaz? -Garazik, erdi lokarturik.

Ihardetsi gabe, kutxa zaharra atera nuen ohe azpitik, eta gainera ekarri nuen.

Hari begira gelditu nintzen, hurrengo pausoa emateko adorea bildu nahian. Hondarrean, laguna ziztatzea erabaki nuen: - Bakarrik utziko nauzu?